jueves, 5 de junio de 2014

1. Zer da artea? + UhArte Arte Garaikidearen Zentrora bisita

Artea betidanik marraztea eta margotzearekin erlazionatu izan da; arte entzuterakoan, margolanak zein marrazkiak dira burura etortzen zaizkigunak, eskulturekin batera. Gainera, edertasunarekin izan da lotua beti; artista onak kontsideratuak izan dira margolan, pintura, eskultura eder eta perfektuak sortu dituzten egileak. Behin eskolan artea ideiaren irudi errepresentatibo bat bilatzea agindu ziguten, hau da, gizartearentzat artea zer den islatzen zuten irudiak. Ez dakit zergatik, baino gainontzeko klase-kideak, ni bezala, pinturak eta eskulturak eraman zituzten, eta asko eta asko errepikatuak izan ziren, La Gioconda, Gernika, Munchen Oihua, Miguel Angel-en David ... Eraman genituen artelanen inguruan hizketan, ia gehienak famatuak zirela (guztiok ezagutzen genituen) ondorioztatu genuen, bai eta horien artean artelan abstrakturik ez zegoela.

Haurrak ginenean bezala, gelako artista koloreztatzeko orduan marratik ateratzen ez zena zen, edota marrazki polit-politak egiten zituena, errealitatea hobekien islatzen zuena, zirriborrorik gabeak. Argi dago, beraz, gizarteak artearen inguruan dituen usteak; baino topikoak dira horiek, mitoak ... Oker gabiltza, beraz, ahaztu beharrekoak dira, egia ez baitira.





Gizakiak, gizaki denetik, harreman estua izan du artearekin. Azken batean ikusten, sentitzen, pentsatzen ... duena adierazteko eta komunikatzeko balio izan dio mendeetan zehar.

Artistek, filosofoek, hezitzaileek, psikologoek, soziologoek ... askotariko azalpenak eman dituzte artearen inguruan. Nork bere ikuspegitik azaldu izan du zer den artea, eta askotariko iritziak ipini dituzte mahai gainean. Besteak beste, energia deskargatzeko bidetzat hartua izan da; plazera ematen duen ekintza gisa; bizitzari ihes egiteko modutzat; ezarrita dagoena zalantzan jartzeko tresnatzat; ikaskuntza emozionala lortzeko aukera gisa; eta errealitateko elementu kontrajarriak bateratzeko baliabide bezala definitu dute zenbaitek. Kasu honetan ere: zenbat buru, hainbat aburu.

Argi dago, beraz, artea konplexuagoa den gaia dela. Beraz, zer da artea? "Artea errealitatea edo irudimena nolabait adierazteko giza ekintza da. Horretarako, askotariko tresnak erabili ohi dira, hala nola materia, irudia, soinua, gorputz-adierazpena eta abar, hartzailearen irudimena edota emozioa suspertzeko helburuarekin."

Artea, beraz, ez da marrazketan trebeak direnentzako soilik, ez dira esku-lanak soilik, ez da marrazketa librea besterik. Gizakia bihozbera den aldetik, adierazteko beharra du, gure sentimenduak eta egonezinak kaleratzeko modua da, gure irudimena garatzeko bidea. Horretaz gain, gainontzekoen adierazpenak ere ulertzen eta errespetatzen ikasi behar dugu, enpatia garatuz.

Konplexua den gaia da, beraz, alor desberdinak biltzen dituena, ez da adierazpen hutsa. Praktikatzen: adierazpen plastikotik Hezkuntza Artistikora testuan azaltzen den moduan, betiko Plastika "adierazpen plastikoa" baino zabalagoa da. Adierazpen plastikoa izenak irakasgaiaren xede eta ahaleginak adierazpenaren prozedura zehatzera murrizten ditu. Baino aurretik azaldu bezala landu beharrekoa ez da adierazpen soila; norberaren egite pertsonaletik haruntzago joanez, besteen lanen ezagutzarako, interpretaziorako eta ulermenerako tresna eta baliabidea izan behar du.

Modu honetan, arloaren izen berrira ohitzen hasi beharko ginake, adierazpen plastikoa Arte Hezkuntzagatik ordezkatuz. Izan ere, ohiko beste ikasgaietan bezala, ez da bakarrik praktika lantzen, pentsamendua baizik, beste askoren artean. Arte Hezkuntza ez da sormena bakarrik, beste hainbat gaitasun lantzen dira ere. Ikasgai irekia den aldetik, non haurrak haren sentimendu eta sentsazioak modu desberdinetara aditzera eman dezakeen, hau da, margolan, eskultura, performancea, ikus-entzuneko ...-en bitartez, haren sentimendu eta emozioak kontrolatzen eta horiek modu egokian adierazten ikasiko du, besteenak ulertzen eta modu egokian interpretatuko dituen bezala, errespetatzen diren bitartean.

UhArte Arte Garaikidearen Zentroa-ra egindako bisitan azaldu zigutenez, baloratu beharrekoa ez da emaitza, hau da, produktua edo objektua; horren atzean dagoen prozesua baizik, sortze-lan hura egitera bultzatu gaituzten arrazoi eta zergatiak.

Soilik perfekzio zein bikaintasuna baloratzen dituen gizartean bizi gara, non huts egitea zigortua den. Artelanen aurrean, beti, zer da? galdera planteatzen dugu; irudikatutakoa errealitatearekin lotzen saiatzen gara lehendabizi, artelana zentzuzko suerta dakigun. Errepresentazioei errealismoa eta perspektiba mantentzea eskatzen diegu. Oso errealistak, eta ikuspuntu bakarretik adierazita daudenak dira baliotsutzat eta ontzat kontsideratzen ditugunak. Baino perfekzioa existitu ez, eta eginez ikasten da, saiatuz, ahaleginak eginez ... Beraz, estropezu egitekotan, esperientzia horretatik ikasteko baliagarria izango da. Ikasi izan dugun moduan, artelan bat beti zerbaitetan oinarritzen da, nahiz eta errealitatearen errepresentazio fidela ez izan.

Beraz, gizarteak inposatzen dizkigun mugak urratu eta estetika beharra zalantzan jarriz, eta Phillipe de Montebello-ren (New Yorke-ko Metropolitan museoko zuzendaria) hitzekin bat, ez dago artea definitzeko orduan adostasunik, gaur egun edozein gauzari deitzen baitzaio artea; hortaz, ezin daiteke esan hau artea da eta beste hori ez. Beraz, behar berriak planteatu behar dira, eta gizartean indarrean dauden aurreiritziak indargabetu eta desaktibatu.





Hala ere horrelako artelanak merezitako errekonozimendua ez dutela pentsatzen jarraitzen dut. Artea ez dela soilik goiko klasekoek gozatu dezaketen zerbait, ez du zergatik garestia, perfektua, ederra izan behar, ez du zertan museotan ikusgai egon behar, mirestu dezakegu edota nazka sentitu …

Horren aldean, artea nahigabekoa izan daitekeenaren inpresioa dut. Arratsalde batez logelan aspertutik zaudela, buruan inolako ideiarik eduki gabe, margotzeari ekiten diozu. Lortutakoa, artea da, Jackson Pollock artistaren eredua jarraituz; gauzak ilustratu beharrean, modu azkar eta bat-batekoan adieraztea, dena nahastuko zuen teknika bat erabili.

Oraindik ere, artelan asko eta asko autorea ospetsua izateagatik direla baloratuak uste dut. Baino nola aldatu ikuskera hori, baldin eta inguratzen gaituen guztiari balioa ematen zaio bakarrik dotorea, polita eta garestia izateagatik? Eta nola ulertu zer den artea? Arte ona ala txarra al dago? Dena al da artea? Gizarteari gauza asko ulertu eta irakasteko geratzen zaizkigu ...

Bibliografia:
Agirre, Imanol (1997). Adierazpen plastikotik Hezkuntza Artistikora

http://eu.wikipedia.org/wiki/Arte


Power pointa: Arte Hezkuntza hasiera

No hay comentarios:

Publicar un comentario