jueves, 5 de junio de 2014

5. Lan proiektuak

Eskolak, tradizionalki, ikasle-profil bakarra onartu du; arlo akademikoan nabarmentzearekin batera ikasketa-espediente ezinhobea zuten ikasleak izan dira adimentsuak kontsideratu diren bakarrak. Urteetan zehar indarrean egon da, eta gaur egun ere zentzu askotan dirau hezkuntza estandarizatu hau. Honek ez du pertsona bakoitzak dituen gaitasunak garatzea ahalbidetzen, ezta indibiduook elkarrengandik desberdintzen gaituzten berezitasunak errespetatzen ere; hain garatuak ez ditugun gaitasunak erakustera behartzen gaituzte, ditugunak agertzea baimentzen ez diguten bitartean.

Ikasketetan emaitza onak ateratzen dituzten pertsonak daude, baina, agian, harremanatzen eta gizarteratzen ez dakitenak. Edo, alderantziz, ikasketetan hain ona ez izanik, jendearekin erlazionatzeko gaitasun handia duenik ere bada. Zerbaitetan arrakasta izateko adimena beharrezkoa da, baina arlo bakoitzean adimen desberdinak erabiltzen dira. Era berean, Einstein zer izan zen Michael Jordan baino adimentsuagoa? Biak adimentsuak ziren, baino esparru desberdinetan. Honelako adibide asko aipa genitzake, adimentsua izatea arlo akademikoan bikaina izatea, guk esango genukeen bezala, “un maquina”, “un cerebrito” ez dela soilik ikusaraziz.

Beraz, galdera da, zer da adimentsua izatea? Howard Gardner psikologoak adierazi zuen moduan, adimena arazoak konpontzeko gaitasuna edota kultura- edo gizarte-ingurune baterako balio handiko produktuak ekoizteko gaitasuna da. Horretarako, elkarreraginean dauden adimen bat baino gehiago ditugu, eta horietako batzuk besteak baino garatuagoak agertzen dira pertsona bakoitzean. Hortaz, ikaskuntza-prozesua eraikitzeko unean, bakoitzak garatuago duen adimen hori azalerazi beharra dago; izan ere, sendotasunetatik abiatuz, ahulagoak ditugun beste adimenak indartzea ahalbidetzen da.

Zentzu honetan, adimen anizkunen teoriak ikaslearen indargune, jakin-min eta interesei ematen die garrantzia, eta hauek oinarri izanik, bakoitzaren ezaugarrietara egokitutako jakintzak eta esperientziak bereganatzen direla dio. Horregatik, ikaslearen indargune, jakin-min eta interesei eman behar zaie garrantzia, eta hauek oinarri izanik, bakoitzaren ezaugarrietara egokitutako jakintzak eta esperientziak bereganatzea erdiesten da. Modu honetan, nola eman horri erantzuna?

Ikasleak ezagutzarenganako interes handia dauka, bai, baino horretarako haren ahalmen eta dohainak erakutsi eta azaleratzeko aukera emango dion metodologia beharrezkoa da, metodologia tradizionalak deuseztatzearekin batera. Irakasleak gidaturiko talde txikietan garatzen den eta ikaslea erdigune hartuta gauzatzen den ikaskuntza gisa defini genitzake lan proiektuak; horren helburua, ikasleen interesetatik, esperientziatik eta ezagutzetatik jalgiriko problematika bati erantzuna ematea da, adiera praktikoan, prozesua ixten duen produktu finala lortuz.

Ikasleek haien nahi eta interesen araberako problematika bat identifikatu, gertukoa, eta haien bizitzetan presente dagoena formulatu ostean, horri erantzuna eman beharko diote. Modu honetan, ikasleeak ezagutza bere egiteaz gain, elkarlanean arituko da bere gelakideekin. Eskola-ezagutzan funtsezkoa den elkarreragin soziala aldarrikatzen du; maila indibidualekoaren eta sozialekoaren arteko integrazioa baimentzen du: ikasleen, irakasleen eta, noski, edukiaren arteko elkarreragin-prozesuak ezinbestekoak dira ezagutza garatzeko. Hiru elementuen arteko beharrezko interakzioak ikaskuntza-irakaskuntza prozesua etengabe birdiseinatzea eta berregokitzea agintzen du, identifikatutako ezagutza berrien arabera moldatzeko.

Kontua ez da gauzak egitea egitearren, behartuta. Jarduera informazioa bilatzea, esperimentatzea, lege fisikoak deskubritzea, jarduerak planifikatzea, erabakiak hartzea, egindako lanaren inguruko gogoeta egitea eta izandako arrakasta eta porrotak jakinaraztea bezalako trebeziak mobilizatzeko gaitasunean datza; beharrezkoa da uneoro aktibo egotea, eztabaidan, erabakiak hartzen ...
Metodologi tradizionalarekin konparatuta, haurrak diziplinazko ezagutza, eguneroko bizimoduari dagozkionak eta gizarte eta ingurugiro alorretako problematika lantzen ditu. Egunerokotasunean aurrera egiteko baliatuko ditu ezagutza horiek; horregatik, ikaslearen ideiak eta interes guneak lantzen diren aldetik, ikaslearen rol aktiboa sustatzen da, ezagutza eraikiz eta berreraikiz. Modu honetan, haurra motibatuta aurkituko da, eroso, bere horretan, pozik, bere beharrak asetzen dituen bitartean; bere buruan sinistuko du, konfiantzaz gainezka ibiliko da, autonomo bilakatuko da, eta gauzak egiteko gai delakoaz konturatuko da, bere buruaz oso harro. Beraz ...

Modu honetan, aurretik finkatutako helburuak lortzeko, Lilian Dabdou Alvarado-ren gogoetak ederki isaltzen duen moduan, “el verdadero maestro no es aquél que te presta sus alas, sino el que te ayuda a desplegar las tuyas”. Denok dugu sortzaile eta berritzaile izateko aukera; eta aukera diot, bai. Izan ere, guk gure ingurunera moldatzen gara, eta ingurune horrek sormena sustatu dezake edo ez; eskolaren kasuan, sortzailea izango da bakoitzaren originaltasuna, ideia berriak, autonomia, garapen emozionala eta beste hainbeste garatzeko aukera ematen badu. “Creativo es quien produce algo nuevo y valioso, y ese algo no necesariamente ha de ser una obra de arte; puede ser una idea, una solución a un problema, un nuevo producto…” dio Petra María Pérezek, Hezkuntzaren Teorian katedratikoa eta Valentziako Unibertsitateko Sormen eta Berrikuntza Hezitzaileen institutuko partaideak.

Galdera da, non dago horretarako giltza? Hezkuntza ez da transmisiboa izan behar; haurrek, informazioa haien buruetan sartu baino, berritzaile izaten, huts egin eta horri aurre egiten, euren buruei galderak planteatzen, ikertzen, deskubritzen, asmatzen, konparatzen, euren kabuz baloratu eta aukeratzen, ekimena izaten ... ikasi behar dute; hau da, haiek beraiek izaten.

Guzti honek birmoldaketa eskatzen du eskolako ohiko antolakuntza eta funtzionamenduan; irakasleek transmititzaileak izateari utzi, aginduak alde batera utzita, eta gidari bihurtzea eskatzen du horrek, haurraren berezko garpen prozesuan lagun izanda. Lowenfeld-ekin bat, Seguruenik, gure eskoletan irakatsi beharko liratekeen oinarrizko trebetasunetako bat maisuaren erantzun eta argibideak itxaron beharrean erantzunak deskubritu eta bilatzeko ahalmena da. Hain zuzen ere, eragile hori dago jarduera artistiko baten funtsezko esperientzien barruan ...”.

Pertsona bat heztea ez da bere buruan informazio eta ezagutza transmititu eta barneratzea. Pertsona bat heztea bizitzarako prestatzea da, hau da, autonomo izaten laguntzea, zenbait balore irakastea, elkarlanean aritzen laguntzea, kooperatiboki, gizarteaz hausnartaraztea, kritikoa izaten laguntzea, bere naturaltasuna baloratzea, erritmoa errespetatzea, ulertzea ... Guzti horretarako espazio eta baliabide jakin batzuk eskaini eta inguru eta anbientazio egokiak beharrezkoak dira; aurrera egiteko tresnak, errekurtsoak, baliabideak eskaintzea da heztea, konfiantzazko giroan, non maitasuna elkarri erakusten diogun. Berritzaile izaten ausartzeak bakoitzak bere buruarengan konfiantza izatea eskatzen du, baita emozio eta sentimenduak modu egokian kudeatzen jakitea, frustrazioa kasu. Horregatik, eskola espazio sortzaile bilakatu dadin nahi badugu, haurren hezkuntza emozionala ere oso kontutan izan beharko dugu. Eskolak emozio eta sentimenduak ulertu eta ezagutzeko gaitasuna landu behar du eta autoestimu positibo eta errealista garatzen lagundu behar du, horrela seguru sentitzea, arriskuei aurre egiteko gaitua sentizea, akatsari beldurrik ez izatea ... lortuko da, ikaskuntza esangurastu bat sustatuz.

Beraz ... Zeinahi metodologia aldaketa proposatu beharko lirateke, honako galdera hauen erantzunak gidatuko luketenak: Zertarako irakatsi? Zer irakatsi? Nola irakatsi? 



Bibliografia:

Arregi, Xabier. HIK HASI, 140 zenbakia, 30-32 or

Hernandez, F. Ventura (1992). Curriculuma proiektuen bidez nola antolatu

Power pointa: Metodologia. Lan proiektuak. Kasu zehatzak

No hay comentarios:

Publicar un comentario